XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DONOSTIAN DONOSTI, GOROSTIAN GOROSTI NAIZ EZ IZAN JOKO SEGURUA

Ta Euskalerrian atzerri.

Ba dabiltz bazterretan hainbat euskaltzale zahar eta gazte, alfabetatze kanpaina dala ta, bero bero, su ta gar.

Eta ez al jatzue adorea faltatuko, eragozpen guztien gainetik aurrera egiteko? Orain ereindako azia, geroago landare oparoa bihurtuko da ta.

GATXAREN ITURRIA

Ez noakizue eritxirik emotera, gazte adoretsuak eta asmotsuak zareen ezkero.

Halan be, darabilzuen arloaz kanpo, beste bat ikusi dot, orainarte ikutu bakoa.

Zera... euskaldunak alfabetatzeko, euskaldunen artean azi ona ereiteko ta ereindakoak frutua ekarri daian, sustar alferreko ta bedar txarrak kendu beharra dagoala.

Lurra landu ta azia zainduaz gainera, sator zuloak kendu behar doguzala, gure lana alferrik ondatu ez daiten.

Ta hor ditugu satorrak, azpi-lana, azpi-jana eginaz.

Non artu indarra gure landarearen sustraiak, lurra erkin eta arol bada? Guk ereindakoa satorrak jaten badabe, alferrik gure izerdi guztiak.

Ta hor dozue sator bat, azpi-janean dabilena.

Amorotoko maisua, alegiá.

Bere (beretu egin dau, antza) errian, umeak ikastolan edo jatorduetan euskeraz egiten badabe, bostehun bider idatzi behar dabe: NO SE HABLA EN VASCO.

Horixe dabe zigortzat, amaren bularretik artutako janaria eurentzako dala uste edo sinestuten badabe.

Alde batetik, gogoz asiko ginake orainarteko ta gure egunetako ume-azleen eritxiak eta aholkuak* erakarten.

Baina alfer da Maria makilatu berez ez bada zentzatu.

Iruzkinak edo komentarioak zeuok egizuez.

EZ ARDURATU H-AKIN MAIXUEKIN BAINO

Kontu azpi-lana, onda-lana egiten ari diran satorrei! Zuek, H hori dala ta, berotzen zareen bitartean, ba dagoz beste batzuek, H barik euskaldunok birrindu gura gaituenak.

Negargarria litzake, guk baino arinago egitea.

H erabili ala H baztertu? Hatxe, Amorotokoa, bai kendu, Sorbonako izkuntzalarien erabagia etorri baino lehen.

Juan Angel Etxebarria.